XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarari bere garaiko lekua diote ematen, bukolismo orbangabeari lotuta: kanpotik etorritako erasoari aurpegia, espainolez. Ez da gauza berria gure artean.

Bigarren idazlea, Telesforo Monzon

Ene iduriko, beste pisuzkoa. 1945an Urrundik. Bake oroi atera zuen Mexikon: olerkiak, Euskal herriko penaz eta oroitzapenez egina, herrimina eta nostalgia nagusi.

1947an Gudarien eginak. Guda oroi poemak Biarritzen, iparraldean lehen exiliozko liburua, gudarien goraipamena.

Urrundik Bergaran, Monzonen herrian, ikusi nuen 1967an; militantzia antifrankista eta klandestinitatearen denborak ziren niretzat, ETAn.

Liburua erakutsi zidaten aterbe ematen zigun etxe batetan: ongi forratua zen, ez baitzituen alferrik trebakatu hogei urte txibato, kapeloker eta karlisten mehatxu pean.

Arratsalde euritsuan, galerian, irakurtzen egon nintzen, Monzonen herriminaren sorburuan bertan, Gipuzkoako herri industrial eta isil hartan. Poeta ederra gizona.

Esperientzia honetan exiliozko literaturak bere bi aurpegiak erakusten zizkidan: idazten duenarentzat herriarekin lotura bada, herrian zanpatua dagoen irakurlearentzat da ukatua izan baino lehenagoko gomuta, orain dabilen erresistentziaren zantzoa eta biharko askatasunaren promesa.

Errol astuna edozein libururentzat, nahiz eta forratua izan.

Monzonen liburua Euskal Herriko iparraldean. edo hobe esanda Frantziak gobernatzen duen Euskal Herrian, exiliozko lehena dela esan dut.

Iparraldean egoteari exilio deitu diot eta honek dakar beste problematika bat.

Har dezagun Nós, Castelaoren albuma.

Na veira do Miño du izena estanpak.

Haurrak galdetzen dio aititari: E os da banda d'alá. ¿son máis estranxeiros que os de Madrí? Eta Castelaok jarraitzen du: Non se soupo o que lle responden o vello.

Ez naiz harritzen zaharraren erantzuna argitu gabe uzten bagaitu. Zer erantzungo luke? Ezetz, Miñoz edo Bidasoaz bestaldean hemen bezala dela? Nork sinestu? Kanpoan bizi behar izan ez duen nazionalistak aski du definizio trinko eta argi batekin: aberri bakarra, kito. Baina... Guretzat, Ipar Euskal Herria exilioa izan da. Alta, Euskal Herrian ginen.

Sendimendu bikoitz hori zaharra da.

Hendaiako herriak eramanen gaitu mendez mende.

Han, uraz bestaldean, hurbil eta zabal ikusten dira Gipuzkoako lurrak Jaizkibel mendiaren bizkar luzeak menderatuta; moilatik itsasoa, muga eta denbora berean pasabide guztien sinboloa, harresiz inguratutako Hondarribiatik bereizten gaituena.

Hemeretzigarren mendean, Jose Maria Iparragirre kantaria, Ameriketan ibilia, zahar eta akitua, Euskal Herrira itzuli zen 1877an; euskal foruak suntsitu berriak ziren, autonomismoa bizi bizia eta euskaltzaletasun berri eta beroak bidaia ordaindu zion.

Bordelen lurreratua Hendaiara heldu, eta txunditurik gelditu da: Hendaian nago txoraturikan, zabal zabalik begiak, hara Espainia, lur hoberikan, ez da mundua guztian Espainia. Baina, politika ez balitz, hain desberdinak dira Lapurdi eta Gipuzkoa?

Gure mendearen hasieran Unamuno ere egon zen Hondarribiari so.

Exilioan, nostalgiaz beteriko euskalduna nahiz eta abertzalea ez izan. Baina paisaia desberdina da abertzale den ala ez den euskaldunarentzat?

Bekatua denena da. Nihaur exilioan idatzi dutenen konpainian onartzen banauzue.

1978an oraindik (Euskadi 1984) bi orrialde dedikatzen nizkion Hendaian haize hegoaren epelak jota, udazkenean, exiliozko sendimen nahasiak gogoratzen zituen protagonistari.

Nola ahaztu, erregistro berean, gero askotan aipatuko dudan idazle garrantzitsueneratiko batek. Txillardegik, Hegoaldera itzuli zenean egin zuen artikulua?

Iparraldeko exilioan Larresoro goitizenaz sinatu zuen lan asko; Donostiara itzulia, honela zioen, bego Larresoro Lapurdiko bere muinoan.... Etapa bat bukatu zen, klarki exiliozko etapa.

Beraz, exilioa zen Iparraldea, nahiz eta hizkuntza bera, edo kasik bera, izan.

Exilioa hizkuntzaren gainetik, exilioa ere hizkuntzaren ondoan. Lehen esan dut nola erbesteratu politikoak harekin darama karga handiko ondarea, politikaz oratua; eta politika, atzo eta gaur, estatuaren aurka, estatuan begira, egiten da. Beste estatuan eta, exilioa.

Oraingo Euskal Herrian ongi dakigu nola kulturaren inguruko ekintzetan erraz batzen garela Bidasoaz bi aldetakoak, alderdi politikoetan mugaren haustura bizi bizia den bitartean.

Horregatik itzuli behar gara Biarritzera eta gero Donibane Lohitzunera heldu zen Telesforo de Monzonengana.

Harek hautsi zuen exilio politikoaren kuskua eta, beste batzuek bezala, buru belarri sartu zen Iparraldeko bizi kulturalean eta literaturan. Exilioan izanik ere, bere herrian zela erakutsi zigun.

1960etik aurrera idatzitako teatroa Iparraldean kokatzen da, hasi Hazparneko anderea (1960) eta buka Eneko Bizkai eta Maria Lorka, 1966an.

Azken hau berri berria estrainatua zen 1968an, hango jendartean bizitzea lehen aldiz gertatu zitzaidanean.

Monzon ez zen bakarra izan. Hegoaldeko erbesteratu batzuek izan dute parte handia Ipar Euskal Herrian bertsolaritza berpizteko; gogora ditzadan Teodoro Hernandorena berrikitan zendua eta Manu Sota, bilbotar aristokrata, mendizalea, poeta.

Iparraldean ere lan egin zuen Jose Migel Barandiaran antropologoak.

Han aurkitu zuen herri kultura bera, eta lekuan lekuko inkestetan jarraitu zuen, Saran eta Arberuan bereziki.

Zekarren tradizio kultuari jarraipena eman zion aldizkari zientifikoak sortzen: 1946an, Ikuska, Saran, 1947an Gernika bazkunaren Eusko Jakintza aldizkaria Baionan, euskaraz, espainolez, frantsesez eta noizbehinka alemanez edo ingelesez ere artikulu zientifikoak agertaratzen zituena.

Honela agertzen zaigu exiliozko literaturaren beste funtzio bat, diktaduraren pean ezinezkoak ziren alorrei segida ematekoa.